Skip to main content

Euskalduna, mundura irekia

Ikastolan euskaraz hezi eta bizi gara eta euskaraz bizi nahi dugu gure herrian. Euskaratik eta euskal kulturatik, gainontzeko kultura nahiz hizkuntzei irekia. Euskaran ardazturiko eleaniztasunarekin. Euskal curriculuma oinarri.

 

 

Euskal Herrikoa

 

Euskal Herria bere osotasunean ulertzen eta lantzen dugu. Muga administratiboez gaindi, Euskal Herri osoan hezkuntza euskalduna eta  eredu propioa eskaintzen duten hezkuntza-erakunde bakarrenetakoak gara Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko (EHI) ikastolak. 

EHIko ikastola guztiok parte hartzen dugun Elkartasun Kutxaren bidez, beharra duten ikastolak zein proiektuak laguntzen ditugu, besteak beste, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastolak, zonalde horiek euskalduntzeko ezinbesteko tresnak.

 

 

Herrian sustraitua

Herri onurarako kooperatiba da gure ikastola, irabazi asmorik gabekoa. Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo herriei eta herritarrei hezkuntza zerbitzu publikoa eskaintzen diegu. 

Heztea, ordea, ikastola eta familiaren betebeharra izateaz gain, herri oso baten ardura ere badela sinisten dugu. Horregatik, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo eragile desberdinekin elkarlanerako konpromisoa dugu.

 

kantujira

 

Denon artean egina! Denontzat eta denona!

Herritar guztiek dute tokia gure ikastolan. Aukera berdinekin  gaitasun, jatorri, sinismen edo edozein desberdintasun tarteko delarik ere. Kohesio eta elkarbizitza positiboa oinarri izanik,  ikastola inklusibo eta demokratikoaren alde egiten dugu.  

Elkarrekin bidea eginez, elkarri entzunez, denon artean, denontzat den ikastola. 

 

 

Berritzailea

Ikastolako eskaintza pedagogikoa hausnartzen, garatzen eta berritzen ari gara ikastolan. Espazioak berritzen, proiektu berriak txertatzen, pertsonen garapen integrala ahalbideratuko duen  kalitatezko hezkuntza garatzeko lanean dihardugu. Hezkuntza eraldatzen, gizartea eraldatzeko; gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzeko.

 

Ikaslearen garapenean bidelagun

Gure ikasleak herritar euskaldunak, eleanitzak, kritikoak, anitzak, aktiboak, solidarioak, autonomoak, konpetenteak eta osasuntsuak  izan daitezen lan egiten dugu.  0-16 urte bitarteko gazteei bitartekoak eta laguntza eskaintzen diegu eta prozesu horretan bidelagun gaituzte ikasle eta familiek.