Zer nolako pertsonak hezi nahi ditugu ikastolan?
Gure ikastolan ikaslea dugu erdigunean. 0 eta 16 urte bitarteko pertsonak heztea dugu helburu.
Izateko, ekiteko, sentitzeko, ikasteko, pentsatzeko… modu guztiei balioa emanez eta ikaslearen irteera profiletik abiatuta, etapaz etapa, urratsez urrats, ikastolako eskaintza berritzen eta osatzen ari gara azken urteetan.
Berrikuntza guztiak ikasleen irteera profila garatzeko norabidean.
Euskaldun eleanitza
Euskaraz eta euskaratik bizi dena, bere ingurunearekin komunikatzeko euskaratik abiatuz eta behar izanez gero beste hizkuntzak erabiliz modu egokian komunikatzen dena; bere identitatea herrian eta kultura euskaldunean erroturik beste kulturak ezagutu eta berea ezagutarazteko komunikazio eleanitza darabilena.
Aniztasunarekiko enpatikoa
Norbere ingurune fisiko eta sozial anitzarekin harremantzeko, besteen lekuan jarriz eta modu eskuzabal eta zintzoan jokatuz, errespetuzko eta konpromezuzko jarrera duena eta giza legez jokatzen duena.
Kooperatiboa
Taldearekiko konpromezuz, parte hartze aktibo eta solidarioz arituz, herrian, taldean eta komunitatean gizarte justuago baten alde eragiteko besteekin bizitzen dakiena.
Autonomoa eta konpetentea
Bizitzako eremu desberdinetan (ikasketa, lan, aisialdi ...) agertutako egoeratan, jakinminez, arretaz, arduraz eta aktiboki irtenbide arrakastatsua aurkitu edo sortu eta bideratzeko, erabaki egokiak hartu eta aurrera eramateko gai dena; horretarako beharrezko izan daitezkeen konpetentzia anitzen garapenaren bitartez (oinarrizko konpetentziak).
Osasuntsua
Pertsonaren dimentsio guztien garapen integral eta egokiaren bidez, emozioak modu egokian kudeatuz eta norbere buruarengan autoestimua eta neurrizko konfiantza edukiz, bizitza zoriontsua izateko bizimodu aktiboa eta orekatua duena (elikadura, mugikortasuna ...).
Kritiko eraikitzailea
Jakintza areagotzeko ezagutzak zalantzan jarri, besteen iritziak errespetuz jaso eta onartuz, norberarenak azaldu, argudiatu eta eztabaidatuz, eskuratzen duen informazioa aztertu, hausnartu, aukeratu eta modu egokian erabiltzen dakiena.