Hizpro

Hizkuntza Proiektua, euskara eta euskalduntasuna ardatz harturik, ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza eta erabilerari dagozkion alderdiak bildu eta hauen trataerari koherentzia ematen dion markoa da.

Ikastolek kalitatezko hezkuntza euskalduntzat definitzen dute beren burua. Definizio horrek hizkuntzen trataerari ematen dion leku nagusia ikastola-ereduaren honako ezaugarri hauetan zehazten da, ikastolen Hizkuntz Proiektu komunaren ildoak markatuz:

  • Euskalduna – euskara eta euskal kulturaren eragile.
  • Eleaniztasuna euskara ardatz dela.
  • Gizartean integratua
  • Hezkuntza-komunitate osoaren partaidetza aktiboa.
  • Berritzailea, I + G.

HELBURU OROKORRAK

  • Ikastolak formazio euskalduna eman nahi die ikasleei, euskara ongi    menderatuz, eta euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta indartzearekin konpromisoa hartuz.
  • Ikastolak, Hezkuntzaren eta Hizkuntz Proiektuaren ardatza euskara duela, pertsona euskaldun eleaniztunak hezi nahi ditu, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdiestea bideratuz.
  • Halaber, Ikastolak euskaraz gauzatu nahi du bere hezkuntza komunitatearen barne-bizitza; euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, garapena eta zabalkundea ziurtatu nahi ditu mota guztietako harremanetan eta horretarako sortutako bitartekoetan.
  • Euskararen indarberritzeari dagokionez, Ikastolak euskararen normalizazio-prozesuan eragile izan nahi du txertatuta dagoen komunitatean

Hizkuntza proiektuak hizkuntzekiko erreferentziazko lorpen-mailak ditu helburu:

  • Euskara zein gaztelania erabiltzaile independentearen B2 maila lortzea da helburu.
  • Ingeleserako, erabiltzaile independentearen B1 maila lortu nahi da
  • Mugaz bestaldeko beste hizkuntzarako (frantsesa) oinarrizko erabiltzailearen A2 maila lortu nahi da.

METODOLOGIA

Aipaturiko helburu horiei erantzuteko, hizkuntzekiko lan-tresna integrala behar da, Ikastolaren komunikazio-testuinguru osoan (ikaskuntza-irakaskuntzan, eskola-komunitatearen harremanetan, eta Ikastola txertatuta dagoen gizarte hurbilekiko harremanetan) eragingo duena. Lan-tresna horren funtzioak hauek dira:

a) Ikastolako eremu pedagogikoetan zein instituzionaletan gertatzen diren askotariko hizkuntz ekintzak aztertzea.

b) Sumatutako beharrei zentzuz erantzun ahal izateko, era sistematikoan eta bateratuan bideratzea hezkuntza-komunitate osoaren elkarlana, irizpide komunetan oinarrituta.

Hizkuntza Proiektuak etapa, ziklo eta maila guztietan eragin du, Urteko planean diseinatzen da ikasturtean burutuko diren ekintzak etapa , ziklo eta mailetan.