'Euskara zinema aretoetara' ekimenaren baitan, 'Elkano' filma ikustera joan gara

1994. urtean sortua, Tinko Euskara Elkartea, euskara zinema aretoetan sarrarazi eta gure hizkuntzaren normalkuntza sustatzeko helburuarekin jaio zen. Geroztik, Euskara zine aretoetara lemapean Euskal Herriko ikastetxe orori esfera internazionaleko hainbat film euskaraz ikusi eta hauek material didaktikoen bitartez lantzeko aukera eskaintzen dio Tinkok. 

ZUBIMUSU Ikastolan Tinko Euskara Elkartearen helburuarekin bat eginik, Euskara zinema aretoetara programan parte hartu dugu. Hala, Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailako ikasleak Elkano. Lehen mundu bira filma ikustera joan dira Gurea zinemara.

Haurrengana zein, zeharka, gurasoengana heldu nahi du Getariako marinelaren nondik norakoak ezagutarazteko pelikulak. Filma Angel Alonsok zuzendu du eta duela 500 urte gauzatutako munduko lehen zirkumnabegazioaren abenturan oinarritua dago, 1519 eta 1522 artean gertatutakoa. Lan taldeak Elkano 500 Fundazioaren laguntza izan du oinarri historikoa lantzeko, fundazioaren aholku batzordean dauden historilarien bitartez. 

Historian zehar murgiltzeko aukera aparta izan dute ZUBIMUSU Ikastolako gazteek!