Jose Luis Sukiak hitzaldia egingo du Villabonan, hezkuntza lege berriaren inguruan

EAErako hezkuntza legea berria izango hizpide Ikastolen Elkarteko zuzendari Jose Luis Sukiak Villabonan egingo duen hitzaldian. Gaur egun indarrean dagoen hezkuntza legea agorturik dagoela adostasun zabala dago hezkuntza eragile, sindikatu eta alderdi politikoen artean, eta hainbat dira euskal gizarteak eta hezkuntzak dituen erronkei erantzuteko gizarte eragile ugarik mahaigaineratu dituzten proposamenak.

Ikastolek ere badute proposamena, eta hezkuntza sistema adosteko momentu historiko honetan BIHAR endekalogoan jaso dituzte hezkuntza sistema propio batek bildu beharko lituzkeen oinarriak. Zubimusu Ikastola da proposamen horren bultzatzaileetako bat, eta hala, BIHAR endekalogoan jasotzen diren oinarriak herritarrei aurkezteko Sukia gonbidatu du Villabonara. 

“BIHAR: Hezkuntza sistema propiorako oinarrien endekalogoa” hitzaldia urtarrilaren 13an izango da, 18:30ean, Subijana etxean. Egungo osasun egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurriak jarraituz egingo da hitzaldia, eta hala, bertaratu ahal izateko aurrez izena eman beharko da, zubimusu@ikastola.eus helbidera mezu bat bidalita edo 943 692321 telefonora deituta.