WUKROrako laguntza jasotzeko apaingarriak egin dituzte ikasleek

Wukro, Etiopiako Tigray lurraldean dago, Danakil basamortuaren ondoan eta mendiz inguratua. Maider Arostegi orain dela urte batzuk oporrak pasatzera joan zen Wukrora eta hunkituta geratu zen. Hainbat urtez opor garaia bertan igaro izan du Arostegik, eta orain dela 3 urtetik bertan bizi da.  

Anjel Olaran hernaniar ezagunarekin lana egiten du Arostegik Wukron, bertan dituzten proiektuetan; umezurztegia, lanbide eskola, helduen jangela, garuneko desgaitasun eskola, desnutrizioaren kontrako proiektua…

Tamalez, proiektu guzti horiek bertan behera geratu ziren 2020ko azaroaren 4an, Wukro bonbardatzen hasi zirenean. Bost egunez bonbardatu eta hilabete eta erdi komunikazio guztiak etenda izan zituzten. Oraindik ere gerratea jasaten ari dira.

Maiderrek hara itzultzeko asmoa du, baino ez diote uzten. Wukro hiria itxita dago.

Hango lagunek Maiderri jakinarazi diotenez, hilketak izugarriak ari dira izaten: genozidioa. Hortaz gain, gosete izugarria sufritzen ari dira; egunean 25 bat haur hiltzen omen dira. Lehen azaldutako proiektuekin jasotzen zuten laguntza ez izateak ere sortzen ditu galerak eta heriotzak, botika, tratamendu eta zaintza ezagatik.

Egoera guzti honen berri emateko Zubimusu Ikastolan egon berri da Maider Arostegi. DBH 4ko ikasleei azaldu die bertan gertatzen ari dena, eta premiazko beharrak zein diren kontatu die.