Euskal pilota, orain unitate didaktikoan ere bai

Amasa-Villabonako Udalak eta Behar Zana elkarteak “Pilotakadek batzen gaituzte” izeneko unitate didaktikoak prestatu dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Beatriz Unzue alkatearen esanetan, “gure kirolak gure kulturaren ezaugarri eta adierazle diren neurrian, haien zaintza eta biziraupenerako ahalegina egitea dagokio Udalari”, eta helburu horri lotuta sortu dituzte, besteak beste Zubimusu ikastolan erabiliko ditugun unitate didaktikoak.

Pilotak, eta, bereziki, erreboteak, berebiziko garrantzia izan du aspaldidanik Amasa-Villabonan, eta horri eusteko, “bizirauteko, garai berrietara egokitzeaz gain, belaunaldi berriengana iritsiko den transmisioa ezinbestekoa” da Unzueren ustez.

Transmisio horretan ezinbesteko papera jokatzen dugu ikastetxeek, eta ez hori bakarrik, Behar Zaba pilota elkarteko Iñaki Lizasok unitate didaktikoen aurkezpenean esan bezala, “umeak pilota mundura gerturatzeko bidea” gara.

Hiru unitate didaktiko sortu dituzte

Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzerako unitate didaktiko bana sortu dute. Gaur egungo dekretua kontuan hartuta sortu dituzte, eta gure herriko pilotaren historia, euskal pilotaren bilakaera, euskal pilota modalitate ezberdinen sorrera eta zenbait bitxikeria lantzen dituzte unitate didaktiko horietan.

Unitate bakoitzak, batez beste, 8-10 saio ditu eta heziketa fisikoko, artea-plastikako, euskara eta hizkuntzako, eta ingurune-zientzietako eskoletan landuko dituzte. Teknologia berriek ere izango dute haien lekua, eta unitatean zehar dauden QR kodeen bidez, argazkiak, bideoak eta material gehigarrira eskuratzeko aukera egongo da.

Herriko elkarteekin lankidetza

Nerea Zumeaga, Zubimusu ikastolako zuzendari gerenteak, eskerrak eman dizkio ikastola guztiaren izenean Behar Zana elkarteari, unitate didaktikoa sortzeko egindako lanketagatik. Unitatearen aurkezpenean adierazi zuenez, "hezkuntza eragile bezala, herriko beste eragileekin batera badugu ardura Amasa-Villabonako ume guztiek euskal kultura eta ondarea ezagutu dezaten. Gure herria pilotarekin lotutako herria izanik, ezinbestekoa iruditzen zaizkigu horrelako ekimenak".

Ez hori bakarrik, Zubimusu Ikastolak herriko eragileekin lankidetzan aritzeko konpromisoaren beste adibide bat da honakoa. Herritik sortua eta herriarentzat lanean diharduen ikastola garen heinean, gure komunitatearen zati diren gaiek, elkarteek, dinamikek eta pertsonek garrantzia berezia dute Zubimusurentzat. Horregatik, ilusio berezia egiten dio ikastolari proiektu honen emaitzak gure ikasleekin lantzeko aukera izatea.

Zubimusu Ikastolak eskerrak eman nahi dizkio Behar Zana elkarteari, batez ere Lizasori, eta Amasa-Villabonako Udalari, herriaren zati den eta izango den proiektu honetan bidelagun izateko aukera emateagatik.