Elkartasun Ikastolak 900.000 euro banatu ditu

Senpere, Kanbo, Beskoitze, Tutera, Lodosa, Lesaka, Bastida eta Bilboko ikastolek aurkeztutako inbertsioak sustatzera 929.824 euro bideratuko dira. Sustapen honi esker 1000 haur inguruk euskarazko hezkuntza jasoko dute.

Nazio ikuspegitik eta elkartasunetik bideratutako laguntzak dira, 2012tik banatzen direnak. Euskal Herriko ikastola guztien ekarpenari esker, dagoeneko 7.186.848 euro banatu dira beharra zuten ikastolen artean.

Ikastolen eredua, eta horrek barne-biltzen duen guztia Euskal Herrian zehar barreiatzea lortu nahi da ekimen honekin. Ikastola berriak sortzea edo aktibitate estrategiko berriak abian jartzea eta garatzea ahalbidetzen duten laguntzak dira, ikastola guztien arteko elkartasun keinu bati esker bideratzen direnak.

Euskarazko irakaskuntza milaka haurren esku

Elkartasun keinu horrek, baina, ez die onura laguntza ekonomikoa jasotzen duten ikastolei bakarrik ekartzen. Euskal Herriko ikastola guztiek erakusten duten konpromiso baten ikurra da Elkartasun Ikastolak egitasmoa: Euskal Herri guztian zehar euskara zabaltzeko eta irakasteko konpromisoa eta ardura, eta tokian tokiko haurren etorkizuna euskaraz marrazteko aukera.

Ikastolako familien ekarpenetatik dator Elkartasun Ikastoletako kutxako dirua, eta horri esker egin dute aurrera hainbat ikastolek. Baita gaur egun indartsu dauden ikastola asko ere, egoera horretara iristeko aurrez jaso duten elkartasunari esker egin baitute askok bidea.

Elkartasuna, konpromisoa, militantzia, herrigintza eta naziogintza dira Elkartasun Ikastolen oinarria eta zutoina. Eta emaitza hau da: milaka haurrek euskarazko irakaskuntza jasotzen dutela.  

Zubimusu ikastolaren jarrera aktiboa

Laguntza eskatzen duten ikastolen eskariak batzorde tekniko batek aztertzen ditu, eta Zubimusu Ikastola batzorde horren zati da. Baina gure ikastolak bestela ere laguntzen du Elkartasun Ikastoletan, komunitateak aktiboki egiten dituen ekarpenei esker.

Ikastolok herrian sustraituta jarraitu dezagun, eman eta jaso, jaso eta eman!