Aisiola begirale eskolaren aurkezpena abenduaren 2an izango da
Haurren eta gazteen aisialdiko jardueren dinamizazioa izeneko ziurtagiri profesionala lortzeko Aisiolak urtero antolatzen duen begirale eskola Zubimusun egingo da beste urte batez. Batxilergoko ikasleei zuzendutako ikastaroa da, guztira 310 ordukoa: 150 ordu izango ditu atal teorikoak, eta 160 ordu atal praktikoak.
Atal teorikoa Zubimusu ikastolan egingo da, 5 orduko 30 saiotan banatuta. Haur eta gazteen aisialdirako hezkuntza jarduerak, talde eta hezkuntza prozesuak eta aisialdiko jardueretarako animazioko teknikak eta baliabideak landuko dira atal teorikoan.
Diploma eta ziurtagiria eskuratzeko derrigorrezkoa izango atal praktikoa ere garatzea. Horretarako, 18 urte beteta izatea ere derrigorrezkoa izango da. Aisiolak ikasle bakoitzari praktika egiteko aukerak eskainiko dizkio, edo ikasleak bere kabuz kudeatu ahal izango ditu, baina edozein kasutan, arlo teorikoa bukatu eta gehienez 3 hiru hilabeteko epean hasi beharko ditu praktika ikasleak. Praktikaldia tutore baten jarraipenarekin egingo da, eta ikasleak izan ditzakeen zailtasunetan haren laguntza jasoko du. Praktikaldiaren amaieran memoria bat egin beharko du ikasleak.
Begiraleen irteera profila
Behin ikastaroa amaituta, garapen pertsonalean hazten eta hezten lagunduko dio ikastaroak hezitzaileari, eta haurren aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra bultzatzeko tresnak eskuratuko ditu.
Haurra subjektu aktibo bezala ikusiko du, protagonista modura, eta haren bidelaguna izango da hezitzailea, lehiakortasuna baztertu eta kooperazioa bezalako balioak sustatuz.
Horretarako, aisialdian formazioa eta esperientzia duten, euskaldunak diren eta euskal kulturarekin konprometituta dauden, gazteekin harremanetan trebeak diren eta taldea dinamizatzeko gaitasun handia duten adituen eskutik jasoko dute ikasleek formakuntza saioa.
Prezioak
Ikastolen Elkarteko ikasleek 430 € ordaindu beharko dute ikastaroa egin ahal izateko, eta gainerakoek 475 €. Ikastaroa egin ahal izateko, gutxienez 10 ikasleko taldea osatu beharko da.
Bestalde, ikasleen eta formatzaileen osasun baldintzak ziurtatzeko eta osasun neurriak betetzeko kontingentzia planak sortu dira ikastarorako.