"HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU" proiektuarekin bat egin du Zubimusuk
Datorren azaroaren 22tik abenduaren 5era, HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU proiektua egingo da Euskal Herrian. Askotan esaten diegu gure umeei euskaraz hitz egiteko; baina gero helduok gara eredua ematen ez dugunak, eta euskaraz dakitenekin ere gazteleraz hitz egiten dugunak.
2017an Tolosaldean egindako hizkuntzen erabileraren kale-neurketan umeei entzundako hizketaldien % 75 euskaraz izan ziren; helduen kasuan, berriz, % 50 ziren euskaraz. Askotan esaten da umeek helduok egiten dugunetik ikasten dutela, eta ez hainbeste esaten diegunetik. Horregatik, 15 egunez, umeen aurrean gaudenean helduon artean izaten ditugun elkarrizketetako hizkuntzetan jarriko dugu arreta. Horretarako, gure herrietan haurrak eta helduak elkartu ohi garen guneetan kartel gogorarazle batzuk topatuko dituzue.
Zubimusuk bat egin du egitasmoarekin
ZUBIMUSU IKASTOLAK ere bat egin du proiektuarekin, eta ikastetxeko langileok eta gurasook 15 egun horietan euskara gehiago erabil dezakegunez, ahalegina egitera goaz! Horretarako, eskola komunitatea osatzen dugun zenbait helduk konpromisoa hartuko dugu! Ez da izen-ematerik izango, baina bakoitzak konpromisoa hartu eta bere baitan eramatea proposatzen dizuegu.
Euskaraz gehiago hitz egiteko proposamena jasotzen dugunean, askotan joaten zaigu burua euskara apenas ulertzen dutenekin euskaraz egin behar ote dugun... horrek baino esfortzu txikiagoa eskatzen dituzten beste zenbait elkarrizketetatik hasia hobe izango da, halere:
- Euskaraz badakiten heldu askok egiten dute/dugu gazteleraz, ohituragatik, errazago egiten dugulako, edo inkontzienteki. Hortik hasi gaitezke aldatzen.
- Pertsona ezezagunekin edo harreman txikia duzuenekin, hasi euskaraz, eta hurrengo hitzak ere egin lasai euskaraz.
Eskola eremuan, parkeetan, zuen umeak eskolaz kanpoko ekintzetara daramatzazuenean, etxeko otorduetan, elkarrekin telebista ikusten ari zaretenean... une horietan guztietan izaten ditugu umeak ondoan, eta euskal hiztunok elkarrekin euskaraz egitea da eman dezakegun mezurik euskaltzaleena. Ez da kontua egun batetik bestera leku guztietan aldatzea, apurka hasi gaitezke; eta erronkak, bakoitzak bere neurrikoak jarriko ditu.
Bada, ariketa hori egitera gonbidatzen zaituztegu: azaroaren 22tik abenduaren 5era, haurren aurrean zaudetenean, euskaraz dakiten helduekin euskaraz egitera.
Kanala Telegramen
Esan bezala, ez da izen-ematerik izango. Halere, Galtzaundi Euskara Taldekoek helduoi lana erraztu nahian, eta ariketa egiten ari garela gogorarazi nahian, Telegrameko kanal bat sortu dute, egunean behin edo bitan ariketa egiteko aholkuak emango dizkigute, eta bide batez, ahaztuta zegoenari gogorarazteko ere balioko du. Horretarako, Telegrameko kontu honetan erregistratu behar duzu: haurren aurrean Tolosaldea
Ez da hezkuntzatik sortutako proiektua, gizarte-mugimenduetatik sortutako proiektua da, eta Tolosaldeko ikastetxe gehienok eman diogu babesa ekimenari; izan ere, gurea bezalako eskualde euskaldunean ez bagara animatzen alboko helduari euskaraz egitera, non ausartuko dira! Badagokigu hori, eta apur bat gehiago ere egitea!