Pello Mari Otaño bekaren lana aurkeztuko da uztailaren 15ean

Iaz Pello Mari Otaño Beka eskuratu zuen Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lana aurkeztuko dute uztailaren 15ean Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko taldeko kideek. Amasa-Villabonako Subijana etxean izango da aurkezpena, 17:30ean. Bertaratu ahal izateko aurrez izena eman beharko da komunikazioa@mintzola.eus helbidera idatzita (30 lagunentzako lekua egongo da).

Zirtoa, ateraldia edo ditxoa. Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena. Ahozko genero hau balioan jarri nahi izan du Aiztondoren zirtotsa. Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa lanak: Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zirto tradizioa bildu, aztertu eta berau ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza espazio zenbaitetan irakasteko proposamena da.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek - Beñat Iguaran Amondarain, Haritz Mujika Lasa, Imanol Artola Arretxe, Mikel Artola Izagirre, Oihana Iguaran Barandiaran eta Unai Mendizabal Jauregi - aurkeztu zuten proiektua Pello Mari Otaño beka deialdirako, eta, beka eskuratuta, urtebeteko epea izan dute egileek proposamena zena gorpuzteko.

Gainera, Kilometroek eta Mintzolak deitutako bigarren deialdiko proiektu sariduna zein izan den ere iragarriko da.