Ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorrean

Garai berrietara egokitu da aurten lanketa, Eskola Agenda 2030 etapa estreinatuz. Aurtengo ikasturtea trantsizio urtea izan da, eta “ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorrean” gaia landu dute. Ikasleekin batera, irakasleek, gurasoek eta ikastolako langileek ere parte hartu dute egitasmoan.

Garapen iraunkorreko helburuak ezagutu ahal izan dituzte aurten, eta herria zein ikastola iraunkorrak izateko bidean jarraitu beharreko hainbat ingurumen alderdi landu dituzte: kalitatezko hezkuntza eta hiri eta komunitate iraunkorrak, zehazki.

Hala, herri mailan egin duten lanketaren ondorioak eta ikastetxe bezala hartu ditugun konpromisoak mahai gaineratu dituzte ikasleek Beatriz Unzue eta Xabat Laborderekin egindako bilkuran. Udalari hainbat proposamen ere egin dizkiete.

Honakoa da zikloka egin duten lanketa, hartu dituzten konpromisoak eta udalari egindako proposamenak:

LEHEN HEZKUNTZA (1. zikloa)

  • Egindako lanketa: Gaur egungo egoera eta pandemiaren aurrekoa alderatu eta aurrerantzean nolako herria nahi duten aztertu dute.
  • Hartutako konpromisoa: Arauak betetzen jarraitzea: musukoa erabili, eskuak garbitu, distantziak mantendu…
  • Udalari egindako proposamena: Estalitako parkeak eta jolasteko lekuak jartzea herria eta zuhaitz gehiagoko parkeak egotea.

LEHEN HEZKUNTZA (2. zikloa)

  • Egindako lanketa: Lanbideak nola aldatu diren aztertu dute, eta sexuaren araberako lan banaketarik badagoen eztabaidatu.  
  • Hartutako konpromisoa: Etxeko guztien artean lanak nola banatu adostea
  • Udalari egindako proposamena: Enpresei neurriak hartzeko eskatzea, langileei familia eta lana bateratzen laguntzeko.

LEHEN HEZKUNTZA (3. zikloa)

  • Egindako lanketa: Azken urteetan baserrietan eman diren aldaketak aztertu dituzte eta horrek ingurunean izan duen eragina ezagutu dute. Etorkizuneko baserria irudikatu dute.
  • Hartutako konpromisoa: Baserritarrek egiten dituzten lanak ezagutzea eta bertako produktuak erostea
  • Udalari egindako proposamena: Herriko supermerkatuetan herriko baserrietako produktuak saltzeko aukera ematea

BIGARREN HEZKUNTZA (1. zikloa)

  • Egindako lanketa: Erabili eta bota ereduaz hausnartu ondoren, herrian dauden konponketa eta bigarren eskuko dendak ezagutu dituzte. Produktuen bizi-iraunpena luzatzeak duen garrantziaz jabetu dira.   
  • Hartutako konpromisoa: Eguneroko ohiturak aldatzea eta gauzen biziraupena luzatzen saiatzea, hondakinak behar bezala sailkatzea eta lurrera ez botatzea
  • Udalari egindako proposamena: Herritarrentzat tailerrak antolatzea, konponketak egiten ikasteko (bizikletak, arropa…) eta materialak birziklatuz eskulanak egiten ikasteko.  

BIGARREN HEZKUNTZA (2. zikloa)

  • Egindako lanketa: Elikadura sistema eta honen ondorioez hausnartu dute, eta herriko salmenta eta ekoizpen puntuak aztertuz azken hamarkadetan eman diren aldaketak ikusi dituzte.   
  • Hartutako konpromisoa: Produktuak gehiago aprobetxatzea eta ondoren gehiago birziklatzea
  • Udalari egindako proposamena: Herrian autokontsumorako baratza gune gehiago sortzea eta horien erabilera bultzatzeko tailerrak antolatzea.

Ikusi aurkezpen txostena hemen: Aurkezpena