BIHAR Piztu Jakinmina topaketak egiten hasi dira gaur

Hala, Piztu Jakinmina topaketetan, Euskal Curriculumetik esperientziak partekatuko dira. Gaur, maiatzak 17, bihar eta maiatzaren 25ean eta 26an izango dira saioak, eta online ikusteko aukera egongo da. Euskal Herriko hainbat ikastoletako ordezkariek parte hartuko dute saio bakoitzean, eta hainbat gairen bueltan arituko dira. Ikastoletako ordezkariekin batera, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko Hezkuntza arduraduna, eta Gurutze Ezkurdia (EHU), Eneko Bidegain (MU) eta Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua) ere egongo dira jardunaldietan.

Euskal curriculuma

Euskal Curriculuma izango da lehen topaketa honen oinarria, "hor erabakitzen baita zein begirekin begiratzen diogun munduari, inguratzen gaituen errealitateari; euskal begiekin, edo beste begi batzuekin". Ikastolen Elkartetik adierazi dutenez, "Euskal Hezkuntza Sistema propio eta bateraturik ezean, bestelako gaitegiak gailentzen dira, gure errealitatetik kanpo dauden begiradak nagusituz. Jakina, euskal herritarrok beste guztiekin baditugu komunean hainbat elementu. Baina, gurea eta espezifikoa dena lantzeak zerikusi zuzena du gure herriaren etorkizunarekin: zer dakigu gure historiaz, gure literaturaz, gure zientziaz eta gure pentsamenduaz, adibidez? Zenbat dakigu besteenaz eta zenbat gureaz? Zein da gure gizarteak kontsumitzen duen kultura? Zein komunikazio produktu eta kanaletan bizi gara, nagusiki? Zergatik gertatzen ote da hori?".

Herri gisa geure burua indartu, kohesionatu eta normalizatu ahal izateko, bi oinarri ezinbesteko ditugu Ikastolen Elkarteak eta ikastolok: herri bezala pentsatzen eta lanean jartzea. Zer da egin eta hobetu behar duguna Euskal Curriculum sendo bat lortzeko? Zer da gu egiten ari garena, zer ondo eta zer ez hain ondo? Zein neurri hartu behar ditugu? Gure kezkak eta zalantzak gure Komunitatean ere mahai-gaineratu nahi ditugu. Ispilu bat jarri benetan egiten ari garenari eta egin beharko genukeenari.

Helburu horrekin antolatu dira jardunaldiak.

Informazio gehiago helbide honetan aurkituko duzu: https://ikastola.eus/berriak/43548