Kilometroetako arropa erosteko kanpaina hasi da

Kilometroak 2021 Goierrin antolatuko da Beasain, Lazkao eta Ordiziako ikastolen eskutik. Urte berezi honetan ekimena bera ez da ohikoa izango, eta egoerara egokitutako Kilometroak izango da 2021ekoa. Baita arropa salmentari dagokionez ere.

Aurten ez da salmenta fisikorik egingo, eta arropa salmenta 15 eguneko kanpaina batera mugatuko da: apirilaren 28tik maiatzaren 10era. Kilometroetako online dendan egin ahal izango da erosketa, www.kilometroak.eus helbidean, eta norberak bere ikastolan jasoko du egin duen eskaera maiatzen amaiera aldera (ez da etxera bidaliko).

Aurten ez da egongo arropa erosteko beste aukerarik, beraz, aurtengo Kilometroetako jantziak nahi dituenak hamabost egun hauetan erosi beharko ditu.

Batera, Bagara, Bat Gara

Gipuzkoako Ikastolen Lurralde Batzarrak adierazi duenez, “ez dira jai erraldoi eta jende multzo handitarako garaiak, baina gurea den auzolan eta auto-antolakuntzarako tradizioari eutsiz, Gipuzkoako Ikastolok aurtengo Kilometroak aurrera ateratzeko konpromisoa hartu dugu. BATERA, BAGARA, BAT GARA lelopean ekin diogu aurtengo ekitaldiari. Batera, Gipuzkoako Ikastola guztien konpromisoarekin. Bagara, Ikastolok badugulako izaera propioa eta aurtengo plaza izaera horren aldarrikapena izatea nahi dugulako. Bat gara, eredu bakarra, hezkuntza eredu propioa Euskal Herriko zazpi herrialdeetan. Osotasunaren zatia direlako gure ikastolak”.

Dagoeneko sarri aipatu dugun bezala, iaz Zubimusu Ikastolak jaso zuen babesa itzultzea egokitzen zaigu aurten, Gipuzkoako Ikastolen aldeko apustua indartuz. Horregatik, 2021eko Kilometroetako materiala erostera animatu nahi zaituztegu. 

Batera, bagara, bat gara!!