TANTA txartelen salmenta

Dakizun moduan, martxan dago aurten ere TANTA ekimena, Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena egiteko egitasmoa. Elkartasun adierazpena da TANTA, ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko sortutakoa, eta orain arte ikastolen jaien bueltan egin diren zozketa handiak ordezkatzen dituena.

Iaz lehen lerroan eta gure ardurapean bizi izan genuen TANTA proiektuaren kudeaketa. Kilometroak jaiaren antolatzaile izanik, Zubimusu Ikastolaren ardura izan zen TANTAren kudeaketa Gipuzkoan zehar. Aurten ardura hori gabe arituko gara TANTA bultzatzen, baina inplikazio eta elkartasun berdinarekin.

Iaz Gipuzkoako Ikastolek Zubimusuri erakutsi zioten elkartasuna itzultzea egokitzen zaigu aurten, TANTA salduz. Hori dela-eta, aurten ere zure ahalegina eskatu nahi dizugu, familia bakoitzari egokitutako TANTA txartelak saltzeko. Iaz jaso genuen laguntza eta elkartasun guztia itzultzeko unea da.

Beasaingo Andramendi, Lazkaoko San Benito eta Ordiziako Jakintza ikastolek elkarlanean antolatuko dute aurtengo Kilometroak, “Batera, bagara, bat gara” lelopean. Iaz haien babesa izan genuen, eta aurten haiek behar dute gure babesa.

Hori dela-eta, Zubimusuko familia eta langile bakoitzak TANTA-ren 5 txartel jasoko dituzue, bakoitza 5€-an saltzeko.

  • Apirilaren 30ean, ostirala, tutorearen bidez familia bakoitzeko haur txikienari emango zaizkio TANTA txartelak. Ostiralean, beraz, adi egoteko deia egiten diegu familiei.
  • Ekainaren 25era arteko epea izango duzue saltzeko, egun horretan egingo baita zozketa
  • Familiek TANTA txartelak itzultzeko aukera izango duzue. Idazkaritzara eraman beharko dira, beranduenez ekainaren 10ean. Egun horretatik aurrera ez da txartelik jasoko.
  • Txartel irabazlearen jabeak 60.000 euroko saria jasoko du

Elkartasuna, auzolana eta elkarlana

Kilometroak jaiaren diru-iturri nagusietako bat da TANTA, ikastolentzako benetako hauspoa eta indarra. Txartelen salmentak eskatzen duen esfortzuaren jakitun gara, egungo egoerak hare eta gehiago zailtzen duena. Baina, TANTA egitasmoarekin bildutako dirua ikastoletara bideratuko da, horregatik da garrantzitsua ahalik eta TANTA gehien saltzea. Egoera zail honetan, eskaera berezia egiten dizuegu berriz ere, elkartasun egitasmo honekin bat egin eta TANTA proiektuko ahalik eta txartel gehien saltzeko.

Eta ez ekonomikoki bakarrik. Sozialki ere garrantzitsua da ikastolontzat TANTA sustatzea, ikastolon balore eta oinarri diren elkartasuna, auzolana eta elkarlana sustatzen dituelako.

Egitasmoari buruzko informazio gehiago duzu hemen: https://ikastola.eus/berriak/39972. Nahi izanez gero, Kilometroak jaiaren webgunea ere bisita dezakezu: www.kilometroak.eus. Txartel salmentari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, berriz, ikastolako idazkaritzara deitu dezakezu: 943 69 23 21.