'Ombuaren Itzala' filmerako sarrerak Ikastolan salgai

Orain aste batzuk aurkeztu zuten Villabonan eta Zizurkilen Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzari buruz egingo duten “Ombuaren Itzala” filma. Proiektu honen bidez Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitza eta obra pantaila handira eraman nahi da. Patxi Bisquert aktore zizurkildarra da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta alboan du Hernandorena Kultur Elkartea ere, besteak beste.

Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak urteak daramatza proiektu hau gauzatzeko ahaleginean, eta orain, elkarlanerako deia egin dute. Filma grabatu ahal izateko beharrezko aurrekontua lortzeko, filma ikusi ahal izateko sarreren aurre salmenta egiten ari dira. Hala, 10 euroren truke, filma estreinatzen denerako sarrera eskuratu ahal izango duzu. Helburua 300.000 euro lortzea da, eta horretarako, jendartearen laguntza ezinbestekoa izango da.

Zubimusu Ikastolak lotura berezia du Pello Mari Otaño bertsolariaren figurarekin. Hark bere bizitzan zehar landutako baloreekin bat egiten du gure ikastolak, eta iaz, Kilometroak-en bueltan, Pello Mari Otaño ikerketa beka ere antolatu genuen. Ikastolarekin zein gure proiektuekin bat egiten zuten iaz filmaren egileek, eta, orain, elkarlanerako eskua ematea guri dagokigu.

Herritik eta herriarentzat aritzen garen ikastola gara, eta horregatik, “Ombuaren itzala” filmerako sarrerak erosteko deia egiten dizuegu. Ikastolako idazkaritzan eskuratu ditzakezue.

Behin filma amaitutakoan, Zubimusu Ikastolak kopia bat jasoko du, ikasleekin Pello Mari Otañoren figura aztertu eta gure herriaren historian izan duen pisua ezagutu dezaten. Ikastolen Elkartea Otañori buruzko unitate didaktiko bat ere ari da sortzen.

Eman eta jaso. Hori da proiektu honek duen ezaugarri nagusietako bat. Gure komunitatearen laguntza behar du proiektu honek, eta ikastolak jaso zuen bezala, orain guri dagokigu laguntza hori itzultzea. Jarrai dezagun gure ingurua indartzen, garena sendotzen.