Kilometroak lekukoa eman diegu Goierriko Ikastolei

Gaur aurkeztu dute datorren urriaren 3an ospatuko den Kilometroak jaien 45. ekitaldia. Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuko dute eguna, eta “Batera, bagara, bat gara” leloa izango du.

Gaurko agerraldian parte hartu dute Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako ordezkariek. Halaber, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako ordezkariek ere hartu dute parte, Kilometroen lekukoa Goierriko hiru ikastoletako ordezkariei emateko.

Goierriko ikastoletako ordezkarien adierazi dutenez, "egoeraren araberako Kilometroak" antolatuko dituzte, "ez direlako ospakizun erraldoietarako garaiak, eta egoerak eragozten digulako orain arte ezagutu ditugun ikastolen aldeko ekitaldien modukoak egitea".

Aurtengo Kilometroak antolatzeko garaian garbi dute Gipuzkoako Ikastola guztien ekarpena, parte-hartzea eta babesa ezinbestekoa izango dela. Egoera berezi honi aurre egiteko modu bakarra dela adierazi dute.

 

LELOA: BATERA, BAGARA, BAT GARA

Leloa aukeratzeko prozesua irekia eta parte hartzailea izan da. Gipuzkoako DBH 1 eta 2ko ikasleei eman zaie leloa proposatzeko aukera. Guztira 241 lelo proposamen jaso dituzte eta horietatik 5 izan dira aukeratuak. Gipuzkoako Ikastolak izan dira bozka bidez 5 leloen arteko bat aukeratu dutenak. Bozkatuena ondorengoa izan da: BATERA, BAGARA, BAT GARA. Leloak noski, erreferentzia egiten dio aurtengo Kilometroei:

  • BATERA: Gipuzkoako ikastolek elkarrekin antolatua izango da. Ikastolen batasuna adierazten du eta ez soilik Gipuzkoakoena, Euskal Herri osokoena ere bai baizik.
  • BAGARA: Gure izatearen aldarrikapena, eta batasunaren ezinbestekotasuna ere adierazten du. Batera bagara, bestela ez gara.
  • BAT GARA: Gure izatearen osotasuna eta zatiezintasuna adierazten du. Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara.

 

LOGOTIPOA

Irudiaren lanketa, berriz, leloa oinarri hartuta, Ikastolen Elkarteko diseinu taldeak garatu du. BATERA, BAGARA, BAT GARA leloa hartuta, batasun hori 1 zenbakiarekin irudikatu nahi izan da, baina zenbakiaren barnealdea elementu ugarirekin osatuz. Elementu horiek aniztasuna erakusten dute (tamaina, forma, kolore... desberdinak), gure herriek eta herritarrek eta gure ikastolek dugun aniztasun hori bera.

Azken batean, elementu horiek guztiek osatzen dute 1, eta 1 horrek batzen ditu elementu horiek guztiak. Eraikin edo/eta pertsona desberdin eta ugari ikusten dira 1 zenbakia osatuz; eraikin edo/eta pertsona handi, txiki, luze, estu, lodi, kolore desberdinetakoak... Herri baten arkitektura irudikatzen dutenak, baina baita ikastolen multzoa ere; era berean, herri baten osaketa soziala eta komunitarioa irudika lezake, baita ikastolen komunitatea ere.

 

KOKALEKUA

Kilometroak jaiak ez du etenik. 1977. urtean Beasain eta Lazkao artean ospatu zen lehenengo Kilometroen aldi horretatik beste 43 egin dira. Aurten, beraz, 45. ekitaldia egingo da, eta Kilometroak jaiak Beasainen, Lazkaon eta Ordizian izango du kokalekua.