Biharko Euskal Hezkuntza Sistema gaurtik eraikitzen hasteko ikastolen ekarpena

Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien ENDEKALOGOA aurkeztu dugu “Gaurtik da bihar” lelopean. Euskal Hezkuntza Sistema gaurtik eraikitzen hasteko Ikastolen egindako ekarpena da.

Ikastolen mugimendua osatzen dugun 111 ikastoletako ordezkarien aurrean, hamabost ikastolakideren artean aletu da endekalogoa puntuz-puntu, eta horietako bat izan da Zubimusu Ikastola.

Endekalogoaren oinarriak hiru bloketan banatzen dira:

  • Oinarrizko printzipioak: unibertsala; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; Euskal Curriculumetik eraikia eta Euskal Herria bere osotasunean landuko duena
  • Hezkuntzak landu beharreko baloreak: hezkidetzan oinarritua; laikotasunean heziko duena; ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua, eta inklusiboa.
  • Hezkuntzaren antolaketa: gobernantza demokratikotik antolatua; ikastetxeei autonomia aitortuko diena, eta publiko-herritar eredutik sortua.

Aurkezpenarekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako hezkuntza lege bati begirako beren proposamenaren zabalkundeari eta lanketari. Horretarako, ikastolen komunitate osoa “behar dugun hezkuntza sistemaren alde” lanean jarri dute.

Aurkezpenean adierazi bezala, “garen guztia eta dugun guztia” ikastolen komunitateari zor diegula gogorarazi genuen, zehazki “herri ekimenari”.  Hala, 60.000 ikasleren gurasoek eta milaka irakasle eta langilek jarritako konfiantza osoa itzuli nahi zaio gizarteari. “Gure jakintza, gure antolakuntza gaitasuna, gure berrikuntza pedagogikoa, gure herri ekimen zabalak… jartzen ditugu herri honen hezkuntza sistemaren zerbitzura. Gure erantzukizuna ere badela ulertzen dugu, eta gure erantzukizuna betetzeko prest gaude”, adierazi dute.

Hezkuntza legeari buruzko eztabaida sakona eta mamitsua nahi dugu ikastolok, eta batez ere eztabaidarako giro on bat, lege horretarako gakoa izango baita eragile guztiak duten onena ematea eta elkarrekin ematea.

Horregatik, lege horri begira jartzeko eskatu dugu endekalogoaren aurkezpenean: “Ez da erraza izango, baina aukera dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege berri bat aurrera ateratzeko. Ausardia eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari, alderdiei  eta hezkuntza eragileei, gure iritziz, nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren inguruan adostasun sozial berri bat eraikitzeko. Zein da gure herriak behar duen hezkuntza eredua eta zein da horrek eskatzen duen sistema? Egin dezagun indar berezi bat galdera honi erantzun bateratu bat emateko. Izan dadila hori eztabaida zabal eta sakon baten emaitza, denon artekoa eta hemen garatua eta gure hezkuntza sistemak dituen gabezia nagusiei aurre egiteko balioko duena; hastapeneko marra gorririk gabe, elkarlanerako borondatearekin. Gure hezkuntza sistemak eta gure euskarak merezi dute eta”.

Datozen hilabeteotan, ikastolaz ikastola, herriz herri, Euskal Hezkuntza Sistema eraikitzeko proposamenak landuko dira. Ekitaldi sorta bat ere egingo da, eta lan horri ekiteko aurkeztu dugu, hain zuzen ere, 11 oinarriz osatutako Endekalogoa , “Euskal Hezkuntza Sistema horren gainean eraikitzeko: Herri 1, Hamaika oinarri, 111 Ikastola”.

Endekalogoaren baitan, hezkuntzaren antolaketari buruz hitz egin du Nerea Zumeagak, Zubimusu ikastolako zuzendari gerenteak.

Irakurri hemen edekaologoaren aurkezpeneko txostena: BIHAR ENDEKALOGOA