Gazteak zientzia eta teknologia gaietara gerturatzeko lanean

Tolosaldeko gazteen STEAM-ZTIAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) diagnosia eta haren emaitzei aurre egiteko Bizilabe ekimena aurkeztu berri dute Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek. Eskualdeko 7 ikastetxetako 574 ikaslek STEAM arloko gaien eta labideen inguruko galdetegi bati erantzun diote, tartean Zubimusu Ikastolako ikasleek.

Galdetegian, zientziaren eta teknologiaren alorrekiko interesa eta haiei lotutako lanpostuetan lan egiteko izan dezaketen asmoaz ez ezik, eskualdeko lan-jardueraren inguruan ere galdetu zaie. Ondorio hauek utzi ditu galdetegiak:

  • Genero-estereotipo tradizionalek gazteek gaiekiko duten interesean eragina dutela esan dezakegu. Oro har, neskek interes handiagoa erakusten dute gai desberdin ugaritan, eta mutilen interesa askoz ere fokalizatuagoa dago. Nesken intereseko gai ugari horietan, toki txikia hartzen dute zientziak eta teknologiak; mutilen interesetan, ordea, handia.
  • Genero-estereotipoek indarra dute etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan ere. Neskek osasun-zientziekin eta irakaskuntzarekin erlazionatutako lanbideak hautatu dituzte gehienbat; eta mutilek, berriz, teknologiari lotutako gaiak.
  • Ikasgaiekiko interes-maila baxua da oro har. Neskek biologian (7,33) eta kimikan (6,16) dute interesik handiena; mutilek, aldiz, teknologian (6,70) eta informatikan (6,64).
  • STEM profesionalak pertsona langileak, jakintsuak, argiak, pazientzia handikoak eta sortzaileak direla uste dute gazteek. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira. Lanpostu horietan lan egitea ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta zailarekin lotu ohi dute gazte askok, eta, ondorioz, bestelako ikasketak hautatzeko aukerak handitu egiten dira. 
  • Etorkizunean STEM arloan lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila desberdina hautematen dute: mutilen % 45ek, nesken % 25ek eta ez-bitarren % 20k ikusten dute euren burua sektore horretan lanean. 
  • STEM profesionalen bizimoduari buruz oso ikuspuntu desberdina dute neskek eta mutilek, eta mutilak dira STEM profesionalen bizimodua hobetoen baloratu dutenak (6,97) eta etorkizunean STEM arloan lan egiteko interes handiena azaldu dutenak (% 50,7, neskek halako bi).
  • Orokorrean, zientzian eta teknologian jarduten duten emakume eta gizonen arteko lan-baldintzak desberdinak direla uste dute gazteek, baina eskualde mailako ikuspuntua baikorragoa da eta ez dituzte desberdintasunak hainbeste nabarmentzen.
  • Gazteen erdiek ez dute eskualdeko industria ezagutzen, eta eskualdeko industrian lan egiteak ez ditu bereziki erakartzen. Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen dituzten hainbat gazte, neskak zein mutilak.

Parte-hartzaileen % 48,6 neskak izan dira, % 47,9 mutilak eta % 3,5 ez-bitarrak, eta Zubimusuko ikasleekin batera, ikastetxe hauetako ikasleek erantzun dute galdetegia: Anoetako Herri Ikastola, Aralar Institutua, Herrikide Ikastetxea, Laskorain Ikastola, Orixe Ikastola eta Uzturpe Ikastola.

Oro har, diagnosiaren emaitzek erakusten dute Tolosaldea eskualdeko STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela, eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela.

 

PROIEKTUARI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGORAKO:

Galdetegiaren emaitzak “Tolosaldeko STEAM diagnosia” ikus-entzunezkoan laburbildu dira: