Herritarren aktibazioari eta erakundeen erantzukizunari deai

Herritarren aktibazioari eta erakundeen erantzukizunari dei egin diete euskalgintzako hainbat eragilek. Pandemiaren lehen olatuak agerian utzitako hutsune eta desberdinkeriak bizi-bizi daudela iritsi da bigarrena. Eta oraingoan ere estu hartu ditu euskara eta euskalgintza, lehendik zetozen gabeziak gordindu besterik ez dituelako egin. Hala salatu dute Kontseiluak, Topaguneak, Durangoko Azokak, Errigorak, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean egindako agerraldian.

Izan ere, euskalgintzaren hainbat proiektu mugarri bertan behera geratu behar izan dira; hala nola, Korrika edo Ikastolen eta Eskola Publikoen festak. Aurrera egitea lortu dutenek, aldiz, hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte, zailtasunak zailtasun; Errigora eta Durangoko Azoka, kasu.

Egoera honen aurrean, guztiek ziurtatu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela herritarren aktibazioa eta babesa, eta erakundeei eskatu diete erantzukizunez jokatu dezatela, euskalgintzaren eta euskal hiztunen eskubideen aldeko erabaki estruktural eta iraunkorrekin.

Ikastolen jaiak bertan behera utzi behar izatea “erabaki gogorra” izan dela gogorarazi du agerraldian Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak, “proiektu mugarriak direlako”.

 

 

 

 

 

 

Argazkia: Kontseilua