Izena badu, bada! Kilometroak astearen aurkezpena

2019ko azaroaren 15ean Vilalbonako Olaederra kiroldegian adierazi zen moduan, 2020ko Kilometroak jaiak iragana, oraina eta etorkizuna adieraziko zituen. Korri. Punpa. Ttak. Eta kostata bada ere, hala izango da. 

Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak, Nerea Zumeaga Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolako zuzendari-gerenteak eta Gaizka Ezeiza Kilometroak jaiko koordinatzaileak gaur adierazi duten moduan, 2020ko kilometroak ez da egun bakarreko jaia izango, astea izango da. Kilometroak Astea. Irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean egingo dena, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. 

Duela urte bete, Zarautzen, “harro eta pozik” adierazi zen lau urteko hausnarketa prozesuaren ondoren, Kilometroak-ek eredu berria izango zuela 2020ko ekitaldian. Artolak adierazi moduan, “halaxe ekin genion 2019ko urrian bertan Zubimusu Ikastolaren eskutik eta Gipuzkoako gainontzeko ikastolen babesarekin eredu berriaren diseinu praktikoa lantzeari”. 

Zubimusu Ikastola gidari zela, lurraldeko gainerako ikastolek ardura handiagoak hartu zituzten, arropa salmentan edo Tanta elkartasun txartelen banaketan  lagunduz, besteak beste. Ilusio handiz ekin zitzaion baita ere Tolosaldeko eta Oarsoaldeko ikastolekin milimetroak jaialdi txikiak antolatzeari. Artolak zehaztu bezala, ordea, “pandemiak gure asmoak behar bezala garatzen utzi ez arren, eredu berriaren planteamendua hasi da fruituak ematen; egin ditugunak geratzeko gelditu direlako”.

Izan ere, “Kilometroak ez da jaialdi huts bat, Ikastolen arteko zaintza sarea da, gure komunitatea zaindu eta elkar elikatzeko ekimena da. Kilometroak euskaraz bizitzeko espazioa da”. Hala, argi utzi du Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak:  “Datozen urteotan eredu berri honetan sakontzen jarraituko dugu, Ikastolen ereduan sakontzeko tresna baita gure jaia”. 

 

Kilometroak bizi-bizirik!

Zubimusu Ilkastolak 2020ko Kilometroak antolatzeko ardura hartu zuenean, “ilusioz” ekin zion antolaketari. “Lehen aldiz izango genuen Gipuzkoako Ikastolen jaia Zubimusu Ikastolan”, adierazi du Zumeagak. Urte luze honetan, baina, denetariko egoerak bizitzea egokitu zaio ikastolari, gizarte osoari bezala, eta Zumeagak aitortu du ez dela xamurra izan hilabete hauetako jarduna: “Ez da erraza izan urte honek ekarri dizkigun egoerak gainditzea; baina egokitzen jakin dugu, eta horri esker, gaur Kilometroak Astea izango dena aurkezteko moduan gaude, lehen egunean genuen ilusio hari hegoak ematen jarraitzeko indarrez”. 

Aurrez aipatu bezala, eredu berriari erantzungo zion Kilometroak antolatzeko ardura zuen aurten Zubimusu Ikastolak, eta hasierako asmoak betetzea ezinezkoa izan bada ere, Kilometroak jai berrituaren muinari eutsi zaio. 

Hala, Zumeagak azaldu duenez, Zubimusu Ikastolaren zutarria den 2ZIA proiektua izango da Kilometroak Astearen ardatza: “Zubimusun ikaslea da ikaskuntza prozesuaren ardatza, eta bakoitzak bere gaitasunak garatzeko eta zailtasunak gainditzeko hezten ditugu, beti haurraren garapen naturala errespetatuz”. 

Kilometroak-ekin ere berdina izango da, ikasleak eta komunitatea izango baitira Kilometroak Astearen ardatza. “Izan ere, urte luze honetan gure gaitasunak proban jarri ditu koronabirusak, baina ikasleek egiten duten moduan, sortu diren zailtasunak gainditzeko lan egin dugu, ekintzak gaur egungo egoerara egokituz”. Horregatik, eta Zubimusu Ikastolaren izenean, komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, langile eta familia guztiei eskerrak eman dizkie Zumeagak, “urte luze honetan erakutsi duzuen jarreragatik, eta batez ere, zuen babesagatik”. 

 

Korri, Punpa, Ttak

Zubimusu Ikastolak Kilometroak jaiak antolatzeko ardura hartu zuenetik, asko izan dira “bihotza, denbora, laguntza eta babesa” proiektu honi eskaini dizkietenak. Horregatik, “zikloari behar bezalako itxiera bat” eman behar zaiola iritzi dute. Hala, Kilometroak jai handiaren ordezkoa izango den egitarau xumeago bat prestatu dute, “Kilometroak jaiak barnebiltzen dituen balioak Pauxaren hegalen bidez gizarteratzen jarraitzeko”. 

Herrigintza, kultura, hezkuntza, herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia oinarri hartuta antolatu da egitaraua. Irailaren 28an hasi eta urriaren 4ra bitartean egingo da Kilometroak Astea. Ezeizak eman ditu egitarauko xehetasunak.

  • Irailak 28-urriak 3: “Kilometroak historian zehar” erakusketa Zizurkilgo Atxulondo kultur aretoan.
  • Urriaren 3ra arte (dagoeneko martxan dago): “Mendimetroak” egitasmoa. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo inguruetan barrena egiteko sei ibilbide, LHko haurretatik hasi eta DBHko gazteek egin ahal izateko. Ibilbideak maila bakoitzera egokituta daude. 
  • Urriak 1: “Biharko Euskal Eskola” mahai ingurua, 19:00etan, Amasako kultur etxean. Parte hartzaileak: HikHasi, OinHerri eta Euskal Herriko Ikastolak. 
  • Urriak 2: Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena, 18:00etan, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. Ondoren, 19:00etatik aurrera, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, Zirtotsak bertso saioa Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin. Amaia Agirre izango da gidaria eta gai jartzailea. 
  • Urriak 3: Sei urtetik gorako haurrentzako “Kalean otso, etxean uso” antzezlana Villabonako Errebote plazan. 20:00etatik aurrera Andoni Ollokiegiren kontzertua Villabonako Errebote plazan. 
  • Urriak 4: Lekukoaren emate ekitaldia Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, 11:00etatik aurrera, eta ondoren, 12:00etan hasita, Zubimusuko komunitateari zuzenduta eta “Zer ginake gure amon-aitonik gabe?” izenburupean, Kilometroak zikloari itxiera emateko ekitaldia Zubimusuren Txermine eraikinean. 

Ezeizak argi azaldu duen moduan, “egungo egoera kontuan hartuta, ezinbestekoa izango da ekitaldi guztietarako aurrez sarrera eskuratzea. Bertso saiorako sarreren prezioa 10 eurokoa izango da, eta kontzerturako, haurren emanaldirako eta igandeko omenaldirako sarrerak doan izango dira. Hala ere, dohan diren ekitaldietarako ere sarrera beharko da, aforoa mugatuta egongo baita”. 

 

Ekitaldietarako sarrerak

Bertso saiorako sarrerak kilometroak.eus helbidean, Zizurkilgo Iriarte etxean eta Villabonako Amasa kafetegian eskuratu ahalko dira. Kontzerturako, haurren ikuskizunerako eta omenaldi ekitaldirako kilometroak.eus webgunean. 

Sarrerak kilometroak.eus helbidean eskuratu nahi dituztenek, ekitaldi bakoitzerako prestatutako galdetegia beharko dute, bertan zehazten diren datu guztiak zuzen beteta. Behin datuak beteta, email bat jasoko dute izena ematen dutenek, eta email hori ekitaldiaren sarreran erakutsi beharko dute.

Bertso saiorako sarrerak Iriarte Etxean zein Amasa kafetegian eskuratzen dituztenek, berriz, sarreran bertan horretarako zehaztutako gunean bakoitzaren izen abizenak eta telefonoa idatzi beharko dituzte.

Ezeizak zehaztu duenez, “egitarau xumea baina balioetan oso aberatsa” osatu ahal izan du Zubimusu Ikastolak, “Kilometroak jaiak duen muinari sakonean helduta”. Ezarrita dauden segurtasun neurriak jarraituz eta errespetatuz, Kilometroak astearekin bat egitera animatu dute antatzaileek, “urriaren 4tik aurrera ere Korri, Punpa, eta Ttak egiten jarraitzeko”. 

 

Tantaz tanta ere Korri, Punpa, Ttak!

Hasierako asmoak behin eta berriz aldatuz, momentuan momentuko egoerara egokitzeko ahalegina egin du Zubimusu Ikastolak urte guztian zehar. Zumeagak azaldu duenez, “horrek, Kilometroak jaiaren antolaketan ez ezik, Zubimusu Ikastolaren 2ZIA proiektuan ere zuzenean eragin du”. Horregatik, gaurko hitzordua ahalbidetu dute Tanta zozketa martxan dagoela gogorarazteko.

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da TANTA, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. “Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, TANTA txartel bakoitzeko. Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu. Era berean, TANTA txartela erosten dutenek, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute”, azaldu du Zumeagak. 

Gipuzkoako Ikastolen aldeko proiektua eta Zubimusuren 2ZIA proiektua babestu nahi dutenek, Kilometroak.eus webgunean eskuratu dezakete Tanta, horretarako zehaztutako gunean. “Zubimusu Ikastolatik zuen aletxoa jartzera animatu nahi zaituztegu, tantaz tanta ere Korri, Punpa, Ttak egitera!”.