Manifestaziora deia

Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute Kaskarotenea ikastolako, Seaskako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariek, Ziburuko ikastolaren inguruan izan diren azken berriak eman eta azaroaren 8rako antolatu duten manifestaziora dei egiteko. Kaskarotenearen izenean Laida Mujika lehendakariak hitz egin du, Seaskaren izenean Paxkal Indo lehendakariak eta EHIren izenean Koldo Tellitu lehendakariak. Hemen dituzue hiruen hitzak:

 

Laida Mujika eta Paxkal Indo

Astelehenean Ziburuko zerbitzu teknikoetako arduraduna ikastolara etorri da erraiteko Omiasainduko bakantzen ondoren, azaroaren 3an, ikastolak ez duela gehiago argindarrik izanen

Pentsatu bezala, eskola publikoko haurrek beren sartzea azaroaren 3an eginen dute. Ez dute arazorik izanen eskola publikoko bi estaia eta kasik 1500m2 argindarrez hornitzeko, aldiz, ikastolako 35m2ko bi gelatxoek sare elektriko guzia jauzaraziko lukete … Beraz aitzakia hori erabili nahi du aldi honetan Guy Poulou auzapezak gure haurrei argindarra eta berogailua kentzeko, negu bezperan.

Eskola publikoko 110 ikasleek beren egoitza berri, moderno eta zabal berri berrian eginen dute sartzea, ikastolako 13 haurrek aldiz, prefabrikatuetan eta argindarrik eta berogailurik gabe.

Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren historia luze eta zailaren kapitulu berri

Auzapezak gezurra erran digu hainbat aldiz idatziz ikastola Haurrendako Poloan birkokatuko zuela hitzematerakoan. Guy Poulou eta Dubarbier andereak gezurra erran zuten epaile aitzinean ikastolak eskola publikoaren lanak trabatuko zituela erraiterakoan. Gezurretan aritu dira ere erran dutelarik ikastolak erabiltzen duen lur eremua eskola publikoaren kanpo eremuaren barne zela, eraikuntza baimenak kontrakoa frogatzen duelarik. Gezurretan aritu dira ere eskola publikoko burasoei erran dietelarik azaroko sartzea gibelatua izanen zela ikastolarengatik, eskola publikoko burasoak ikastolaren kontra ezartzeko helburuarekin. Beste behin ere gezurretan aritu dira, zuei hedabideei erran dizuetelarik herriaren lurretan ez zen proposamen batekin ados izanen zirela, Kontseilu Nagusiaren lur bat proposatu diegularik ezezkoarekin erantzun baitute.

Guy Poulouren taldea eginahalak eta bi egiten ari da, heldu den asteburutik goiti hutsik izanen den Jules Ferry eskola ohiko egoitzak okupatzeko. Ez ginateke harrituko ere, Sokoan senior gazteendako aisialdi zentroaren proiektua Arrantza edo Nautikako xede batekin jantziko balute Kontseilu Nagusiaren aitzinean, lur eremu horren erabilera luzatu ahal izateko. Ithurri Baitarekin egin duten bezala hain zuzen, bertan duela hainbat urte lurperaturik zuten proiektu sozial bat berpiztu baitute, guri bertan instalatzen ez uzteko helburuarekin.

Guy Poulou eta Dubarbier andereak berriz ere gezurra erran digute joan den astean, ikastolako argindarra beste sare batera lotzea hitzeman baitziguten, ez dadin inolako arazorik izan.

Bai egia da, azken asteotan bi aldiz elkarrizketatu gara beraiekin, diskrezio osoz, elkarrekin lan egin eta aterabide baten atzemateko. Aitzineko hiru proposamenei (Jules Ferry, Ithurri Baita eta CG64en lurra) beste hiru proposamen gehitu dizkiegu. Baina aterabide bat atzeman ondorez, auzapezak eta Dubarbier andereak helburu bakar bat izan dute, Ziburuko erdigunetik urruntzea ikastola, ikastolak garatzeko inolako aukerarik izanen ez duen gunean kokatzeko, Olhetako bidean, Zaldi Xuritoko batimenduen gibelean, autobidetik ahal bezain hurbil, egunero pasatzen diren 34 000 auto eta 9.000 kamioien ondoan, udan 80 000 direlarik, horietarik 10 000 kamioiak, 2007ko datuen arabera. Autopistari itsatsirik dagoen lur eremua, inolako babes fonikorik gabe, ama eskola baten instalazioa ezinezko bilatzen duena, 2 eta 5 urteko bere haurra ikastolak eskolatzea nahiko lukeen edozein buraso uxatzeko egina.

Elkarrizketara berriz lotzen ari ginela zirudienean, Guy Poulouk berriz ere gure haurrak mehatxatzen ditu, argindarra eta berogailua debekatuz negu betean. Ziburutarrak asaldatu ziren irailaren 4an elektrika, ura, eta haurrak ondoko obretatik babesten dituen hesiak kenduko zituela mehatxatzen zuen gutuna bidali zuenean eta pentsatu genuen azkenean zentzuz jokatzen hasiko zela auzapeza. Baina argi da auzapezak ez duela deus entzun nahi, deus ikusi nahi eta batez ere ikastolarik ez Ziburun.

Horregatik manifestaldirako deia egiten dugu, heldu den azaroaren 8rako Ziburun. Auzapezak eta bere udal gehiengoak entzun dezaten Ziburutarrek ikastola nahi dutela Ziburun, eta Euskal Herria bere hizkuntzari atxikia dela, eta ez duela egiten utziko, 2 eta 4 urteko haurren kontrako mehatxu guztien gainetik.

Koldo Tellitu

Egun on guztioi

Kaskarotenea ikastolako komunitatearekin eta Seaskako ordezkariekin batera gatoz gu ere, Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen izenean:

-Lehenik eta behin, ikastola honekiko Ziburuko Herriko Etxeak, eta, bereziki, auzapezak erakutsiriko jokabidea salatzera. Ikastolak eta Seaskak auzi honi irtenbidea emateko eskaerari ezetza eman, eta, gainera, orain muturreko neurriak hartu ditu ikastola kanporatzeko. Jokabide horrek ez du lekurik ziburutar ororen agintari, baina ziburutar ororen zerbitzari ere izan behar duen auzapez baten eginkizunetan.

-Era berean, hona etorri gara, Kaskarotenea ikastolari Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adieraztera, eta baita erakustera Ziburuko auzapeza ez dela ari Kaskarotenearen aurka soilik. Seaskaren aurka eta ikastola mugimendu guztiaren aurka ari dela.

-Horri lotuta, erakundeei, alderdi politikoei eta gainontzeko eragileei dei egitera ere etorri gara. Hau ez delako, arestian esan bezala, ikastola bakar baten aurkako erasoa; hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko, baina erakunde, alderdi eta gainontzeko eragileek ere badute erantzukizuna.

-Amaitzeko, euskal gizarteari ere dei egitera etorri gara, ikastola honek herritarren hatsa izan dezan, auzapeza ohar dadin ez dizkiogula onartuko halako erabakiak, eta, ikastolak dei egin bezala, has dadin, elkarrizketaren bidez, benetako irtenbide baten bila.

Kaskarotenea ikastolako komunitateak, Seaskak eta Ikastolen Elkarteak argi baitaukagu: Ikastolak Ziburun jarraituko du.

Mila esker.