AMAIA GERTUAN...

AMAIA AGIRRERI ELKARRIZKETA

Bertso-eskolak ematen ditu Zubimusu Ikastolan

 

“Bertso eskolak bizitza eskolak dira”

 

Ondo ezaguna da Amaia Agirre bertso munduan. Zubimusuko 4. eta 5. mailako ikasleek oso hurbiletik ezagutzeko parada dute. Ehun bat ikasleri ematen dizkie bertso eskolak urtero.

 

 

-Sasoiko al daude bertso-eskolak Amaia?

Alde batetik hezkuntza arautuan lantzen den “Bertsolaritza eta ahozkotasuna” proiektua dago, eta bestetik bertso-eskolak, eskolako orduz kanpo ematen direnak.

 

Bertso-eskolak indartsu eta osasuntsu daude Euskal Herri osoan, eta hezkuntza arautuko proiektuak ere bere fruituak ematen ditu. Hezkuntzan landu eta zaletasuna pizten zaion ikasle orok du aukera herriko edo inguruko bertso-eskolara pausua emateko eta gehiago sakontzeko.

 

-Ez ote da futbola bertsoaren etsai nagusia izango?

Ez. Konpetentzia handiagoak dira interneta, telebista eta eskolaz kanpoko zernahi ekintza eta ikasleen agenda betea. Bertso-eskoletara ez dira kiroletara edo musikara adina neska-mutil hurbiltzen, baina hori ez da arazoa. Joaten diren asko hitzaren magiak erakarrita eta hizkuntzarekin jolas egiteko irrikaz joaten dira bertso-eskolara, eta orohar aipagarria da bertso-eskolak bizitza eskolak direla, eta balore berezien jabe egiten dira urte batzuen poderioz.

 

-Gaur eguno umeak gozatzen dute gailu teknologikorik ez badute esku artean?

Horregatik dira bertso-eskolak aberatsak. Hitza da gure lanabes eta jostailu, eta sormenarekin gauza oso politak egin daitezke. Dena emanda eta hartzaile pasibo bihurtu dugun gizarte honetan, bertsoa bere sinpletasun horretan aberasgarria da. Sortzaile, emaile eta hartzaile da bertso-eskolako ikasle bakoitza.

 

 

“Hitza da gure lanabes eta jostailu, eta sormenarekin gauza oso politak egin daitezke. Dena emanda eta hartzaile pasibo bihurtu dugun gizarte honetan, bertsoa bere sinpletasun horretan aberasgarria da”.

 

 

-Mundu osoan ez da errepikatuko BECen Bertsolari Txapelketa Nagusian gertatzen den fenomenoa. Herri oso bat poesia inprobisatua entzuten. Indar horri pil-pilean nola eutsi urteko beste egunetan?

Euskal Herrian ez ezik munduko hainbat herritan inprobisatzen da. Kuban oso dezimista onak daude, unibertsitate mailan ere lantzen da. Gaztelera hizkuntza nagusi den herrialde askotan dauden bat-batean aritzen diren inprobisatzaileak, eta garrantzitsuak dira cultura mailan.

Hemen, lau urtez behin egiten den Euskal Herriko finala olatu handi bat da, denok bere baitara garamatzan ekitaldi nagusia, baina gisa horretako erakuslehioaren atzean lan asko dago. Zortzi iristen dira finalera baina sekulako parte hartzaile pila hasten dira bide horretan. Egia da finalaren ondoren zaletasuna eta saioetako entzule kopurua areagotu egiten dela, baina urte osoko eta oinarrizko lanaren ondorio baino ez da finala.

 

-Zerk bultzata joaten dira ikasleak bertsotara? Kulturak, euskarak, gurasoen afizioak...?

Denetarik dago hor ere. Hamar urteko batek etxean jaso duelako izan dezake zaletasuna, baina oso giro euskalduna ez dagoen herrietan hezkuntza arautua ezinbestekoa da. Bertan lantzen denak harrapatzen eta erakartzen ditu gaztetxoak, eta gehiago lantzeko gogoak eramaten ditu bertso-eskolara.

 

-Zerekin egiten dute topo ikasleek bertso-eskoletan?

Mundu ikuskera berriak landuko ditu. Hitza eta hizkuntza oinarri dituen adierazpen bat da. Elkarri entzuten, jendaurrean egoten eta autoestima eta konfiantza lantzeko laboratorioak dira. Bestela landuko ez lituzkeen gaiak eta ideiak neurtzen eta formulazioaren garrantziaz ikasiko du. Dialektikan trebatuko da, egungo gizartean gabezia izugarria dago hortan, tamalez.

 

-Bertsotan egiteko ikasi edo jaio egin behar da?

Mundura jaio beharra dago egiten ikasteko, jeje. Bertso-eskolek argi utzi dute bertsotan edonork ikas dezakeela. Besterik da goi mailako bertsolari izatea. Arlo guztietan bezala, bertsotan ere orduak eta orduak pasa behar dira, eta zortea ere alde izatea komeni jendaurrean garatzen den ahozko jarduna izaki.

 

-Bertso eskolan zer lantzen duzue nagusiki, ahozkotasuna, errima... zein da dinamika?

Gai bat garatzen, esan nahi duzun horrek esan indarra izan dezan moduan bilatzen, arrazoiak neurtzen eta elkarrizketa bat garatzen ikasten da. Elkarri entzuten, txanda errespetatzen, elkarbizitzen eta norbanako gisa hazten laguntzen du, baina beti ere talde baten parte izanik. Norbanakoaren eta taldearen garrantziaz eta errespetuaz ere kantatzen da. Kantatuz gauzak kontatzen ikasten da.

 

-Gaztetxoek badakite bertsolaritzaren garai bateko historia egin dutela Txirritak, Xalbadorrek edo UztapideK? Eta gaur egungo bertsolariak ezagutzen dituzte?

Bai noski. Hezkuntza arautuan ez da behar beste lantzen, vaina bertso-eskoletan bat-batekotasuna ezezik gure historia lantzen da. Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da nora goazen jakiteko.

 

-Zein da bertsolaritzak azken hamarkada hauetan emandako jauzi nagusia? Norantz doa?

Tematika eta genero ikuspegian gizartearen aurretik doa askotan, eta bertsozale elkarteak ere asko landu ditu gizon-emakumeen inguruko gaiak. Baita mundu mailako topaketak eta ikerketa asko eraman dira aurrera.

Arrazoiketan, doinutegian eta metrikan ere aurrerapauso handiak eman dira azken urteotan, eta mundu mailan Euskal Herria erreferente garrantzitsua da.

Bestalde, erdalguneetan ere indar handia egin da, eta aurrera begira sortzen diren galdera eta erronkei erantzuten saiatuko da ezbairik gabe.

 

-Zeuri zer eman eta zer kendu dizu bertsoak?

Naizenaren zati handi bat bertsoari eskerrak osatu dut. Mundu ikuskera eta bizibide bat eman dit. Lagun asko eta Euskal Herria ezagutzeko modu bat ere bai.

Dudarik ez dut kendu baino eman gehiago egin didala, vaina kuadrilarekin egoteko ordu batzuk lapurtu dizkit, jeje. Goran eta ondo ibili nahi duenak, ordea, ordu asko eskaini behar dizkio, eta nik orain nahi baino gutxiago eskaintzen diot.

 

“Dudarik ez dut kendu baino eman gehiago egin didala bertsoak, baina kuadrilarekin egoteko ordu batzuk lapurtu dizkit, jeje. Goran eta ondo ibili nahi duenak, ordea, ordu asko eskaini behar dizkio, eta nik orain nahi baino gutxiago eskaintzen diot”.